Ireki web nabigatzailean
MENDIA | berria
IBILKARI | berria 2023-05-02
Tontorretan gurutze, estatua, buzoi eta bestelako giza aztarnak jartzeari buruzko eztabaida gorabehera, daudenak hor daude, eta gailur askoren bereizgarri ere badira. Frantzisko Xabierkoaren estatua, esaterako, Hiru Erregeen Mahaiaren zaindari izan da 1952tik (urte horretan jarri zuten lehen estatua, bi metro pasatxokoa), baita milaka euskal mendizaleren igoeren lekuko isil ere. 1984an, bateren batek ostikoka burua ebaki zion brontzezko gaur egungo estatuari, eta orain, ia 40 urteren buruan, agertu egin da buru hori. Norbaitek Koldo Aldaz Nafarroako Mendi Federazioko kideari helerazi dio modu misteriotsuan. Nafarroa Kirol Elkarteak, estatua ordaindu eta paratu zuenak, erabakiko du orain zer egin buruarekin. Gauzak konpondu baino gehiago puskatu eta agertu baino gehiago desagertu egiten diren garaiotan, albiste izan da santuaren buruarena. Ederra litzateke datorren urtean Euskal Mendizaletasunaren Museoan ikusi ahal izatea, gure historia biziaren beste hainbat lekukotzaren artean. Buru bat gure historiaren gorputzarentzat.
Ramon Olasagasti
Elena Calvillo korrikalaria. Jagoba Manterola / Foku
«Ez naiz inoiz oso diziplinatua izan entrenatzeko garaian»
Euskal Herriko mendi lasterketetan ibiltzen diren korrikalarien artean, gutxi dira Elena Calvillo (Beasain, Gipuzkoa, 1970) ezagutzen ez dutenak. Azken hamarkadan hainbat lasterketa irabazitakoa da: besteak beste, Goierriko Bi Handiak eta Ehunmiliak, bere herrian jokatzen direnak. Emakume askoren erreferente bilakatu da. Mendian korrika nola hasi zen, nola entrenatzen den eta beste hainbat kontu azaldu ditu elkarrizketan.
Igone Campos eta Nahia Quincoces podiumean eskuinean, Valentine Fabre frantsesarekin. Mezzalama
Quincoces eta Campos hirugarren izan dira Mezzalaman
Mendiko eskiko proba aitzindari eta gogorrenetakoan podiumera igo dira bi euskal eskiatzaileak, Valentine Fabre frantsesarekin hirukotea osatuta. Quincoces, gainera, bigarren izan da 2022-2023 denboraldietako La Grande Course zirkuituan. Jon Ander Aranburu, Asier Alonso eta Asier Labairu ere bikain aritu dira. Mendiko eskiko proba zaharrena da Mezzalama, baita gogorrenetakoa ere. 1933an sortu zen eta aurreko larunbatekoa 23. edizioa izan da, bi urtean behin egiten baita lasterketa. Monte Rosako glaziarretan egiten da proba, goi-mendian, eta lau mila metroko hiru gain igotzen dira: Castore, Naso del Lyskamm eta Roccia della Scoperta. Ibilbidearen zati handi bat glaziar-eremuan denez, segurtasunagatik, hiruko taldetan egiten da lasterketa: hiru taldekideek soka berari lotuta joan behar dute, arrakalen arriskua gutxitzeko, eta horrek areago zailtzen du ibilia. Jatorrizko ibilbidea Breuil-Cervinian abiatzen da eta Gressoney-La-Trinite herrian bukatu. 45 km dira guztira, eta goranzko desnibela ia 3.000 metrokoa da.
Frantzisko Xabierkoaren irudia Hiru Erregeen Mahaiaren gailurrean. Mikel Arrizabalaga
Hiru Erregeen Mahaiko Frantzisko Xabierkoaren burua agertu da modu misteriotsuan
Hiru Erregeen Mahaia gailurreko (2.446 m) Frantzisko Xabierkoaren jatorrizko brontzezko burua, agertu da berrogei urteren buruan. Ezezagun batek helarazi zion Koldo Aldazi, Nafarroako Mendi Federazioko eta Nafarroa Kirol Elkarteko kideari. 1984. urtean, burugaberen batek, ostikoka edo kolpeka, ezin jakin nola, Frantzisko Xabierkoaren estatua puskatu zuen. «Gero zer gertatu zen ez dakigu: burua punpaka mendian behera joan zen, eta, gerora, norbaitek aurkitu zuen, ala puskatu zuenak berak eraman ote zuen... Ez dakigu berrogei urte hauetan zer gertatu den buru horrekin», azaldu du Antxon Iturriza idazle, euskal mendizaletasunaren ikerlari eta Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioko (EMMOA) bultzatzaileak. Frantzisko Xabierkoaren burua Nafarroa Kirol Elkartearena da berez, eta mendi talde haren esku dago orain. Elkarteak berak erabakiko du Euskal Mendizaletasunaren Museoari lagako dion edo zer egingo duen buruarekin.
Gidaren egilea Grankantoko horman, Jaizkibelen. Mikel Arrizabalaga
Aiako Harria eta Jaizkibel mendiguneei buruzko gida argitaratu da euskaraz
Mikel Arrizabalaga mendizale eta BERRIAko kolaboratzaileak Aiako Harria eta Jaizkibel mendi gida kaleratu du Sua Edizioak argitaletxearekin. Bildumako lehena da euskaraz. Guztira 26 ibilbide proposatu ditu, eta, horien osagarri, ondarean eta historian sakontzeko beste horrenbeste jakingarri bildu. Euskal Herriko mendi ibilbideen dibulgazioan lan eskerga egin du, eta egiten du oraindik Mikel Arrizabalagak. Jada 400 ibilbide baino gehiago eman ditu argitara. Euskaraz beti. «Euskalduna naiz, euskaraz bizi naiz egunerokoan, eta mendia ere euskaraz bizi izan dut beti», dio, ere horretan azpimarra eginez. «Orduan, mendiaz idazteko orduan, zaila ez, ezinezkoa egiten zait gaztelaniaz idaztea. Ibilaldiaz euskaraz gozatzen dut, eta, beraz, txangoa berregitean, idaztean alegia, euskaraz egiten dut berriro. Nik beti esaten dut euskaldunok munduko mendirik garaienak igo ditugula, baina oraindik gailur bat falta zaigula gainditzeko, hizkuntzarena. Ea noizbait gailur hori ere zapaltzen dugun. Guk ez dugu ezagutuko, baina bidea egin dezagun. Beti urrats bat gehiago».
Joxe-Takolo Bekaren bigarren deialdia martxan
Azpeitiko Udalak, apirilaren 3an emandako ebazpenaren bidez, hutsik utzi zuen 2023ko Joxe Takolo Bekaren lehen deialdia, eta bigarrena jarri zuen martxan. Beka horren bidez, 4.000 euroko diru-laguntza ematen du Azpeitiko Udalak, goi-mendiarekin, abenturarekin, zientziarekin, esplorazioaren eta dibulgazioarekin zerikusia duten proiektuak bultzatzeko. Bigarren deialdiko eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 15era arte izango da zabalik. Oinarriak eta informazioa, Azpeitiko Udalaren webgunean eta 2023ko apirilaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Malen Osak probaren errekorra ondu du: 2.18:34. Imanol Sorioano / Goiena
Malen Osa eta Aitor Ajuria irabazle XVIII. Aloñako Igoeran

Apirilaren 23an jokatu zen Aloñako Igoera, eta bi faborito nagusiak gailendu ziren, Malen Osa oñatiarra, hirugarrenez, eta Aitor Ajuria otxandiarra, bigarrenez. Malen Osa gazteak, gainera, Maite Maiorak 2018an ezarritako marka hobetzea lortu zuen. Euriak, haizeak eta giro zakarrak baldintzat zuen proba, batez ere gailurrerian, probaren 22,6 kilometroak eta 1868 metroko desnibel positiboa are gehiago gogortuz. Hala ere, 300 lasterkari pasatxo elkartu ziren Oñatiko Foruen Enparantzan. Malen Osak hasieratik amaiera erakustaldia eman zuen, eta bi minutu eta sei segundoan hobetu zuen Maite Maioraren marka. Osak 2 ordu 18 minutu eta 34 segundo behar izan zituen proba osatzeko. Bigarren Maddi Mujika legazpiarra (Gipuzkoa) izan zen eta hirugarren Garazi Abasolo aretxabaletarra (Gipuzkoa).


Gizonezkoetan, Walter Becerraren hutsunearekin, Aitor Ajuria otxandiarra zen faborito nagusia lasterketa irabazteko eta Domusa Teknik Lana taldeko korrikalariak ez zuen hutsik egin. Duela bi urte jantzi zuen lehenengo txapela Oñatin eta aurten bigarrena. 2:03:35 denbora egin zuen Ajuriak. Bigarren Iñigo Uribetxebarria legazpiarra izan zen eta hirugarren Mikel Zabalegi ordiziarra.

Sailkapen guztiak Aloñako Igoeraren webgunean.

Sandra Sevillano, podiumeko bigarren postuan. Trencacims.com
Sandra Sevillano bigarren Espainiako ultra txapelketan
Sandra Sevillano santurtziarrak zilarra lortu du ultra distantziako Espainiako Txapelketan. Katalunian, Trencacims probaren baitan izan da txapelketa, eta euskal korrikalariek lasterketa polita osatu dute. Probak 70 kilometro eta 5.300 metroko goranzko desnibela zituen. Gemma Arenas katalanak hasieratik bukaerara erraz menderatu zuen ultra. Sevillanok, berez, hirugarren postuan gurutzatu zuen helmuga, lasterketa osoan Itziar Oteiza andaluziarrarekin lehia estuan ibili ondoren, baina Oteizari zigorra ezarri zioten, eta azkenean korrikalari bizkaitarrarentzat izan zen zilarra. Selekzioetan ere, euskal selekzioak bigarren postua lortu zuen, Sevillanok berak (2. postua), Amaia Larreategik (16. postua) eta Sara Peñak (20. postua) lortutako puntuei esker. Informazioa eta sailkapen guztiak Trencacims probaren webgunean.
Irati Zubizarreta eta Aitor Zunzunegi. EMF
Irati Zubizarreta eta Aitor Zunzunegi 9. izan dira Skyrunningeko Calamorro Skyrace proban
Abian da Nazioarteko Federazioak (ISF) antolatzen duen Skyrunning-eko zirkuitua edo mendiko lasterketen Munduko Kopa. Calamorro Skyrace izan da lehen proba Benalmadenako (Espainia) mendietan. 27,5 kilometro eta 2.270 metroko desnibel positiboa zituen lasterketak. Gizonezkoetan, Antonio Martinez espainiarra nagusitu da, eta Aitor Zunzunegi euskal selekzioko kidea lehen hamarren artean sartu da, bederatzigarren hain zuzen. Promesen kategorian, gainera, lehena izan da korrikalari legorretarra (Gipuzkoa). Javi Goitia 16. izan da. Emakumezkoetan, Irati Zubizarreta ere bederatzigarren izan da. Iris Pessey frantziarra gailendu da emakumezkoen artean. Sailkapen guztiak Calamorro Skyrace probaren webgunean.
Unibertsitatea 'Mendian gora' jardunaldiak

Maiatzaren 9, 10 eta 11n “Mendian gora” jardunaldiak egingo Euskal Herriko Unibertsitateko Micaela Portilla Ikergunean. Ekitaldiak baliagarriak izango dira hautazko kredituak lortzeko, eta zabalik egongo dira EHUtik kanpoko pertsonentzat. Maiatzaren 9an, Kepa Lizarraga medikuak mendiko larrialdietan jarduteko protokoloei eta mendiko segurtasun prozedurei buruz jardungo du. Maiatzaren 10ean, Zigor Egia EMFko presidenteak mendiko arriskuen kudeaketa izango du hizpide. Bi jardunaldi hauek 18:00etan hasiko dira.


Maiatzaren 11n, bi mahai-inguru izango dira. Goizean, 11:00etan, mendiari buruz (orokorrean) ariko dira Luis Mari Zulaika, Ibai Rico, Aitor Pinedo eta Jabi Albarez. Arratsaldean, 15:30an, mendi jardueren ikuspegi desberdinei buruz ariko dira Jose Carlos Tamayo, Monica Serentil eta Luis Angel Rojo Gorri.

Aurreko urte bateko Erroten Ibilaldia: ibiltariak Undurragako presagainera bidean. Joko Alai
Zeanuriko Erroten XVI. Ibilaldia egingo dute maiatzaren 7an
2023ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia izango da maiatzaren 7an Joko Alai Elkarteak antolatuta. Aurten oinezko ibilaldi honek hamaseigarren edizioa beteko du, eta urtero Olabarriko errota erakutsi izan duen Fermin Pujana gogoan izango du, 2022ko abuztuan hil baitzen. Antolatzaileek irteeran oroitzapen ekitaldi bat egingo dute Fermin Olabarrikoak edizio guztietan emandako laguntza eta parte hartzea eskertzeko. Antolatzaileek adierazi dutenez helburuak hasierako berberak dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurbiltzen diren bisitariei Zeanuri (Bizkaia) eta bere auzoak ezagutzera ematea; eta, bestetik, Zeanuriren historian errotek izan duten garrantzia ezagutaraztea. Ez dira gutxi, izan ere, herri honetan ezagutzen diren edota han-hemenka azaltzen diren errotak edo erroten arrastoak: guztira hemezortzi —gehienak bertan behera utzita, baina beste batzuk zaharberrituta—, denak hidraulikoak. Ibilbidean zehar bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan (Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin) sartu-irtena egiteko aukera izango dute. Ibilbidea 18 kilometrokoa da, baina haurrentzat edo ondo prestatuta ez daudenentzat laburragoa, 12 kilometrokoa, egiteko aukera ere bada. Irteera herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan. Izen ematea, 08:30etik aurrera egin ahal izango da, herriko plazan: 6 € / Joko Alai Elkarteko bazkideak: 4€ eta 14 urtetik beherako umeak, doan.
Makalu eskualdeko ospitaleraren irudia. SOS Himalaya
Sakanako Ibilaldiak Nepalgo ospitale bat amaitzen lagunduko du

Larunbatean egin zen Sakanako Ibilaldiaren 32. edizioa, eta Irurtzun, inoiz baino solidarioagoa izan da. Hiru Ermiten Martxak San Donato, Aralarko San Migel eta Trinitate ermitak lotzen ditu, ibilbide ikusgarrian, eta Euskal Herri osoko mendizaleak erakartzen ditu. Aurten, 1.200 partaide baino gehiago bildu dira eta antolakuntzak izen-ematearen zati bat (17 eurotatik 2) Makalu zortzimilakoaren eskualdean (Nepal) ospitale bat amaitzeko lanetara bideratuko ditu. Horixe da, hain zuzen, Iñaki Otxoa de Olza-SOS Himalaya Fundazioak azken urteotan bultzatu duen proiekturik garrantzitsuenetako bat.

XVII Joserra Romaña eta Jentilen Bideetatik XI. mendi ibilaldiak asteburuan
Larunbat honetan egingo da XVII Joserra Romaña mendi martxa, iraupen luzeko zirkuitukoa. Hiru ibilbide izango dira aukeran: luzea (50 km), tartekoa (25 km) eta txikia (12 km). Ibilbideak Balmasedan, Las Muñecas mendatean eta Arena hondartzan abiatuko dira hurrenez hurren. Bukatu, berriz, Portugaleteko Los Llanos frontoian, hirurak. Igandean, berriz, Jentilen Bideetatik XI. mendi ibilaldia egingo da Ataunen, hori ere iraupen luzeko mendi martxen zirkuitukoa. Ataungoan ere hiru ibilbide izango dira: luzea (48 km), tartekoa (21 km) eta motza (8 km). Irteera Ataun San Martingo kiroldegitik egingo da. Luzekoak goizeko 06,30ean abiatuko dira, tartekoak 08:00etan eta laburrekoak 09:00etan. Maiatzean, zirkuituko beste hainbat ibilaldi ere izango dira: maiatzaren 13an, XIV Hiru Mendi Zerrak, Altsasun; maiatzaren 20an, XVIII. Karrantza mendi ibilaldia, Karrantza ibarrean; maiatzaren 21ean, Gasteiz Mendi Taldearen 41. Ibilaldia, Gasteizen; maiatzaren 27an Toloño mendilerroko XXX. Mendi zeharkaldia, Bastidatik Lantziegora; maiatzaren 27an, bertan, Araxesko XIV. Itzulia Tolosako Amarotz auzoan; eta maiatzaren 28an, XXVIII. Baztango mendi itzulia Iruritan. Informazio guztia eta izen emateak, Zirkuituaren webgunean.
Iazko edizioko irudia. Mikel Zabalegi /TB
Txindokiko kilometro bertikala igandean

Igande honetan, maiatzak 7, Txindokiko kilometro bertikala egingo da Larraitzen (Abaltzisketa). Lasterketa bertikalen Euskadiko txapelketa izango da Txindokikoa. Irteera 10:00etan izango da Larraiztik. Txindokiko KBak ibilbide berria izango du. Jatorrizko ibilbidean bezala, korrikalariak Larraiztik abiatuko dira, baina lehendabizi Gaintzako bidegurutzera joango dira era neutralizatuan. Puntu honetan hasiko da kronometroa martxan eta korrikalariek 3,6 km eta 980m+ egin beharko dituzte gailurreraino. Bidean Oria iturritik igaroko dira (kontrol puntua) eta handik tximista esaten dioten bidean gora igoko dira.


Iñaki Maiorak Ordizitik Txindokirako errekorra egiteko hartu zuen bideari eutsi nahi izan diote antolatzaileek, ibilbide horrek duelako bertikal kutsu eta gogortasun handiena. 2022ko Txindokiko Kilometro Bertikaleko edizioan gizonezkoen errekorra ondu zen eta emakumezkoen marka berria jarri zen: Oihana Kortazarrek 44:05 behar izan zuen gailurra jotzeko, eta Asier Larruzeak 35:59.

Tuparriak eta kareharri xaflatuak ikusiko ditugu Marinda mendian. Josean Gil Garcia
Marinda, Kuartangoko itsasargia

Marinda gailurrik onena da Kuartangoko paisaia miresteko. Cervino itxura hartuta, mendi honek liluraz eta zirraraz beteko du bertara biltzen den ibiltari oro. Sendadiano (Kuartango, Araba) izango da abiapuntua.

Eskalatzaile bat Lekandako ekialdeko gandorrean. Xabier Mujika
Lekandaren ekialdeko gandorra

Arabako Lekanda mendiaren gailurreko ikusmira txundigarria da. Horregatik bakarrik, merezi du bertara igotzeak. Ekialdeko gandorrak gailurrera iristeko beste aukera polit bat eskaintzen du. Ekialdeko gandorra eskalatzea ez da, berez, oso zaila, eta zailtasun guztiak saihets daitezke, baina II/IIIko pasarteak egiteko erraztasuna ez dutenek hobe dute soka edo kordel bat eta express zinta batzuk eramatea, baita kaskoa ere.

Noiz Zer?
Maiatzak 6. II. Domusa Teknik 40 MLK. Maiatzaren 6an izango da II. Domusa Teknik lasterketa, Azpeitian. Ultra distantziako Euskal Herriko Kopako bigarren proba izango da. Goizeko 8:00tan emango zaio irteera Enparantza Nagusitik. Distantzia: 65 km eta desnibel metatua: 7.400m (3700 m positiboa). Informazioa: https://domusateknik40mlk.com/.

Maiatzak 7. Kanpezu-Ioar mendi maratoi erdia. Igande honetan egingo da Kanpezu-Ioar mendi maratoi erdia. Lasterketa goizeko 9:00etan abiatuko da Kanpezutik (Araba), eta Mendiko lasterketen Euskal Herriko Koparako puntuagarria izango da proba. Ibilbideak 26,5 km eta 1930 metroko goranzko desnibela izango ditu. Ibilbide laburrago bat ere izango da aukeran: 13,5 km eta 750 metro desnibel. Informazioa: http://kanpezu-ioar.com/.

Maiatzak 7. III. Landarbaso Trail. Errenteriako Urdaburu mendi taldeak antolatuta, III. Landarbaso Trail lasterketa egingo da igande honetan. Goizeko 10:00etan izango da irteera Listorretako gunean. Probak 18 km eta 900 metroko goranzko desnibela ditu. Aiako Harria Parke Naturalean egiten da lasterketa, eta Urdaburu eta Aldurako tontorrak igotzen dira. Informazioa, lasterketa.eus atarian.

Maiatzak 7. Izazpiko VII. igoera. Izazpiko igoera mendi lasterketa izango da igande honetan Ezkion (Gipuzkoa). Igoerak 6,3 km ditu eta 948 km-ko desnibela. Proba 11:30ean hasiko da. Umeen lasterketa ere izango da, kilometro ingurukoa. Informazioa: lasterketak.eus.

Maiatzak 9. Mendi Tour Arrasaten. Proiektatuko diren filmak: Iretargi, Joy, Creation Theory, Spindrift: The Barry Blanchard Story, Into the Ice. Amaia antzokian, 19:00etan.

Maiatzak 18 eta 25. Mendi Tour Zarautzen. Maiatzaren 25ean, berriz, beste hauek: Iretargi, Yhabril. El buscador de luz, A Baffin Vacation, New Way Up, Everest - Sea to summit. Bi emanaldiak 20:00etan Modelo aretoan.

Maiatzak 19. Mendi Tour Laudion. Film hauek proiektatuko dira: Iretargi, Yhabril. El buscador de luz, A Baffin Vacation, Adrenaline Sucks, This is Beth, New Way Up, Into the Ice. Casinoan, 18:00etan.

Maiatzak 19. Mendi Tour Berrioplano - Berriobeitin. Film hauek proiektatuko dira: Iretargi, This is Beth, New Way Up, Egoland eta Into the Ice. Artikako Kultur Etxean, 19:00etan.

Maiatzak 20. Trikuharri mendi lasterketa. Hiru distantzia izango dira aukeran: 30 km, 20 km et 10 km. Luzeak Onddolar (435), Kiriki (645m), Muñotsa (674), Arnabar (819), Belabieta (699m), Uzturre (730m) eta Loatzo (636m) gailurrak lotuko ditu. Informazio gehiago: http://www.trikuharrimendilasterketa.com/.

Maiatzak 21. IX. Atarrabi Trail: Bimendi eta Hirumendi. Atarrabiako (Nafarroa) probak bi distantzia ditu aukeran. Hirumendi ibilbideak (25 km eta 1800 m+) Antxoriz, Berrondo, Txumendi, Arromendi, Larzabal eta Oihana gailurrak eta parajeak lotuko ditu. Goizeko 8:00etan abiatuko da proba luzea. Bimendi ibilbideak, berriz, Larzabal eta Oihana gainak lotuko ditu, 8:45ean abiatuta. Informazioa: http://www.atarrabitrail.es.

Maiatzak 26. Xabier Ormazabal Bekaren aurkezpena eta mendi festa. Xabier Ormazabal alpinista urretxuar zenaren oroimenez, haren izena daraman bekaren aurkezpena eta mendi festa izango dira maiatzaren 26an. Asier Kidam magoaren ikuskizunarekin hasiko da jaia. Ondoren, aurreko beken irabazleen proiekzioak izango dira: Maialen Rojo (2022) eta Ander Zabalza (2020). Jarraian, oroimenezko ekitaldi xume bat egingo zaie aurtengo urtarrilean Fitz Roy mendian, Patagonian, hil diren Amaia Agirre eta Iker Bilbao eskalatzaileei. ‘Itzalak’ largometraiaren proiekzioa izango da gero, Alex Areizagaren eskutik. Ondoren, mokadutxo bat jateko aukera izango da, eta bukatzeko, Alex Txikonek ‘Manaslu neguan’ proiekzioa emango du.
Oraindik ez bazara MENDIA buletin honetara harpidetu, egizu orain , eta astero izango duzu mendiari buruzko azken albiste, ibilbide eta ekitaldien berri.
Gustukoa izan baduzu, partekatu
facebook twitter telegram
berria
Horrelako mezu gehiagorik jaso nahi ez baduzu, egin klik hemen

Datu Pertsonalen Babesa
Datu Pertsonalak Babesteko Arautegia betez, jakinarazi nahi dizugu zure datu pertsonalak Euskarazko Komunikazio Taldea SA enpresaren tratamendu-sistemetan sartuta daudela BERRIA Taldearen zerbitzuak emateko, zurekin harremanetan jartzeko, zure interesekoa izan daitekeen informazioa bidaltzeko eta enpresaren administrazio lanak aurrera eramateko. Eskatutako zerbitzua gauzatzeko beharrezkoa izan daiteke zure datuak BERRIA Taldea osatzen duten enpresei, BERRIA Hedabideak fundazioari eta bestelako kolaboratzaileei uztea. Zure datu pertsonalen inguruko eskubideak edonoiz erabili ditzakezu. Era berean, edonoiz egin dezakezu gai honi buruzko bestelako edozein eskari. Hala egin nahi izanez gero, idatzi helbide honetara: BERRIA Taldea, Martin Ugalde kultur parkea; Gudarien etorbidea, z/g, 20140 Andoain (Telefonoa: 943-30 43 45) edo helbide elektroniko honetara: datuenbabesa@berriataldea.eus. Informazio zehatzagoa eskuratu nahiko bazenu, gure webgunean aurkituko duzun "Pribatutasun Politika" irakur dezakezu.