Ireki web nabigatzailean
KINKA | KLIMA ETA NATURA KRISIAN | berria
2023-11-01

Zeresan handia eman du, eta ematen jarraituko du Esako urtegiak. Berriki Ebroko Ur Konfederazioak (CHE) aitortu du obrak geratu behar izan dituela, gainezkabideak mugitu egin direlako, eta euren tokira berrekarri behar dituztelako. Esako urtegia handitzeko lanek gorabehera handiak izan dituzte, eta hasierako aurrekontua laukoiztu egin da jadanik. Gainera, zalantzan dago segurtasuna ere, geologoen txostenek ohartarazi baitute eskuin hegala ez dela egonkorra.


Klima larrialdiari lotutako albiste ugari zabaldu dira egunotan, bestalde, Nazio Batuen Erakundearen klimari buruzko goi bilera (COP28) hurbiltzen ari den seinale. Metano isurketak mugatzeko negoziazioak irekita dituzte herrialdeek, hitzordu horretara begira. 150 estatuk sinatu dute metano isurketak gutxitzeko konpromisoa. Haren helburua da 2030erako %30 gutxitzea berotegi gas horren isurketak, 2020ko datuekin alderatuta.


Horiek eta beste irakurgai ugari dituzu buletin honetan.


Nagore Arin - Gorka Berasategi - Iñaki Petxarroman
Esako urtegia, airetik ikusita. JESUS DIGES / EFE
Esako urtegiko lanak eten egin dituzte

Esako (Nafarroa) urtegia handitzeko lanak zeresana ematen ari dira berriro. Rio Aragon eta Esa + Ez taldeek aurreko astean salatu zuten lanak geratuta daudela, eta mantenuko langile pare bat baino ez direla ari lanean azpiegituraren eremuan. Hori jakinarazi ostean, Ebroko Ur Konfederazioak (CHE) aitortu egin zuen lanak geratuta daudela. Erakundeak jakinarazi du presaren gainezkabideak moldatuko dituela, urtegia handitzeko lanen proiektuan zeuden moduan paratzeko. Izan ere, mugitu egin direla aitortu du.


Espainiako Gobernuak 1983an onartu zuen urtegia handitzeko proiektua, eta 2001ean hasi ziren lanak. 110 milioi euro eskasean eskaini zuen obra horren adjudikazioa, eta 400 milioi euro gastatu dira ordutik. Ziurgabetasun handiko obra izan da Esa handitzeko proiektua. Berez, egun urtegiak 488 hektometro kuboko edukiera du, eta 1.525 hektometro kubora arte handitu nahi dute lan horiekin.


Ika-mika ugari eragin ditu proiektuak, bereziki haren segurtasuna zalantzan jarri dutelako urtegia handitzearen aurka ari diren taldeek ez ezik, baita geologo zenbaiten txostenek ere. 2015ean, Nafarroako Unibertsitateko hainbat ikerlarik ondorioztatu zuten Esakoa azpiegitura arriskutsua zela. 2019an, Geoconsult enpresak ikerlan bat aurkeztu zion Nafarroako Gobernuari, eta eskuin hegala «oreka hertsian» dagoela nabarmendu. Eta 2020an, EHUk txosten bat aurkeztu zuen Zangozako Udalean, eta aurreko ikerketeta horietan esandakoak berretsi zituen.

Milaka herritar mobilizatu dira Gernika-Lumon, Guggenheim Urdaibairen aurka

Jendetza elkartu zen joan den larunbatean Gernika-Lumon (Bizkaia), Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurkako manifestazioan. Balorazio positiboa egin zuten deitzaileek, herritarren aldarrikapena «ozen eta argi» entzun zelako. Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidearen esanetan, «Urdaibaiko Guggenheim proiektuak ez du lekurik Busturialdean. Eskualdeak bere beharrizan propioak ditu, eta seriotasunez erantzun behar zaie. Ezin dira Bilboko Guggenheim museoak dituen beharrekin estali, eta hori egiten ari dira».


Plataformaren aldarrikapenei babesa adierazi diete hainbat talde ekologistak eta bestelako zenbait erakundek. Besteak beste, manifestazioan izan ziren EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkari ugari.


Mobilizazioaren amaieran irakurri zuten manifestuan, antolatzaileek nabarmendu zuten Bilboko Guggenhein museoa Urdaibaira hedatzeko proiektua Guggenheim Fundazioak proposatu eta hauspotu duela, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren babesarekin, eta «premia pribatu bati» erantzuten diola. Administrazio publikoak proiektuaren inguruabarretan «guztiz inplikatuta» dauden arren, manifestariek salatu dute «bakar batzuen burutapenak gauzatzeko eta poltsiko jakin batzuk betetzeko» pentsatua dagoela.


Proiektuaren zirriborroaren arabera, erakunde publikoek 130 milioi euro inguru jarriko lituzkete, eta egitasmoak 60.000 metro koadroko eremua hartuko luke, bi eraikinetan banatuta: Gernika-Lumon bata, eta Muruetan bestea. New Yorkeko Cooper Robertson arkitektura estudioa ari da proiektua diseinatzen. Bost urte iraungo lukete lanek, eta urtean 140.000 bisitari jasotzea espero dute.

Sute bat Mexikoko petrolio ustiategi batean, metano pilaketaren erruz. MARIO GUZMAN / EFE
Metano isurketak gutxitzeko erronka

Berotegi gas kutsagarrietan bigarrena da metanoa. Munduak jasan duen berotze antropogenikoaren heren bat inguru hari egozten diote zientzialariek. Berez, CO2ak baino 80 aldiz berotze ahalmen handiagoa dauka, baina gutxiago irauten du atmosferan, 10-15 urte. 2022an 1.896 bilioiko parte (ppb) zen atmosferan pilatutako metanoa: industria aurreko aroan baino %162 gehiago.


Glasgown (Eskozia) 2021eko urri-azaroetan egindako klimari buruzko goi bileran (COP26) metano isurketak gutxitzeko konpromisoa aurkeztu zuten hainbat herrialdek, eta, geroztik, 150 estatuk bat egin dute helburu horrekin. Xede nagusia da 2030erako metano isurketak %30 gutxitzea 2020koen aldean. Herrialdeen artean negoziatzen ari dira konpromiso horren inguruan orain, eta helburua da azaroan Metanoaren Araudia onartzea. Abu Dabin egingo den COP28ko goi bileraren gai nagusietako bat izan liteke.


Energia sektorearen isurketak dituzte jomugan agintariek. Gaur egun munduan atmosferara isurtzen den metanoaren %19 inguru dagokio sektore horri, baina murrizten eta kontrolatzen errazena delakoan dira. Metano gehien sortzen duena lehen sektorea da —%53 inguru—. Hondakinek sortzen dute %26.


Europako Batasunak (EB) rol garrantzitsua joka dezake Metanoaren Araudia zehazteko garaian, kontsumitzen duen energia fosilaren %80 kanpotik inportatzen baitu. Beraz, hari araudi zorrotz bat ezarriz gero, uler liteke kanpoko ekoizpenaren zati batek pixkanaka baldintza horietara egokitu beharko lukeela. Europako Batzordeak 2021eko abenduan aurkeztu zuen energiaren sektoreko metano isurketak murrizteko plana, eta hari jarraitu zion Europako Parlamentuan maiatzean. Orain, Europar Kontseiluak egin behar du bozketa. Ondoren, herrialdeetako legedian aplikatu beharko litzateke. Parlamentuak onartu zuen planaren arabera, 2025etik aurrera loteslea litzateke isurketak gutxitzeko helburua, eta herrialde guztiek sartu beharko lukete energia eta klimari buruzko planetan.


Gehienbat, erregai fosilen sektorean metanoaren isurketen eragile nagusiak diren bi praktika apaldu nahi dituzte: ihesak, eta aireztatzea eta erretzea. Metanoaren inguruko munduko konpromisoa indarrean jarriko balitz, munduko tenperatura 0,2 gradu berotzea eragotziko litzatekeela uste du Nazio Batuen Erakundeak, eta, beraz, ezinbestekoa litzateke Parisen sinatutako helburuak betetzeko —1,5 graduko berotzea ez gainditzea—.

KINKA PODCASTA
Metano isuriak: iraupen laburra, eragin handia
Metanoari buruz dihardu Kinka podcastaren ale berriak. Zehazki, lehen arloak eta energiaren sektoreak sortzen dituen isuriak izan ditu hizpide, eta, horretarako, Ruben Serrano eta Itziar Irakuliz ikerlariak gonbidatu ditu. BC3ko ikerlaria da Serrano. Irakuliz, aldiz, isuriak satelite bidez antzematen aritzen da. Hiztegian, hegalotsa zer den azaldu dute Nagore Arin eta Olatz Artola solaskideek. Aholkuen atalean, arraina era jasangarrian erosteko aholkuak ekarri dituzte Asunek Behatokiko kideek.
       
Bero jasanezinaz eta lurpeko uren agortzeaz ohartarazi dute

Krisi ekologikoak dakartzan arriskuez ohartarazpen bat baino gehiago egiten ari da zientzia azken urteotan. Berriki, Nazio Batuen Erakundeko Unibertsitateak egindako txosten baten ondorioak argitaratu dituzte. Besteak beste, klima eta ekologiak krisiaren ondoriozko sei arrisku «katastrofiko» aipatu dituzte: lur azpiko uren agortzea, munduko zenbait tokitan gizakiak bizitzea ezinezkoa bihurtzen duten tenperaturak gailentzea, espezieen desagertze bizkorra, mendiko glaziarrak desagertzea, espazioko kutsadura eta hondamendien maiztasunaren dela-eta aseguru sistema kolapsatzea. Hemen duzu txosten osoa, irakurri nahi izanez gero.


IEAk azkarrago deskarbonizatzera dei egin du, Lurra 2,4 gradu berotu ez dadin

Erregai fosilen erabilera goia jotzear da, IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera. Aurreikusi du 2030erako hasiko dela haren kontsumoaren beherakada. IEAren iritziz, Ukrainako gerrak eta hark piztutako energia krisiak aurreratu egin du erregai fosilen aroaren amaiera, eta are gehiago aurreratuko zen Txinan, Indian eta garabidean diren beste herrialde batzuetan energia kontsumoa handitzen ariko ez balitz. Baina ohartarazi du erregai fosilen kontsumoa jaistea ez dela nahikoa izango, energia eta garraioa deskarbonizatzeko urratsak bizkortzea ezinbestekoa izango dela planeta 2,4 gradu berotu ez dadin XXI. mendearen amaierarako.


2020az geroztik, %40 handitu da energia berriztagarrietan egindako inbertsioa, eta bereziki fotovoltaikoan: 1.000 milioi dolar egunero. Baina IEAk gehiago behar dela nabarmendu du. Zehazki, energia berriztagarrien gaitasuna hirukoiztea ezarri du helburu, eta horrekin batera, eraginkortasuna bikoiztea eta sektore gehiagoren elektrifikazioa sustatzea eta metano isurketak gutxitzea. Hori baita bide bakarra, bere hitzetan, «1,5 gradurako ateak irekita jarrai dezan».

187,7
Europako Batasuneko herritar bakoitzak 2021ean sortu zuen hondakin kopurua, batez beste, kilogramotan. Eurostaten datuen arabera, Europako Batasuneko herritarrek 187,7 kilogramo ontzi hondakin sortu zituzten, batez beste, 2021ean. Hondakin kopuruak orain arteko marka gainditu zuen. Orotara, 84 milioi tona ontzi bota ziren..
Iratiko eski estazioa itxi dute

Duela 55 urte inauguratu zuten Iratiko eski estazioa, 1968an. Zuberoan dago, Orhi mendiaren tontorrean, 1.300 metroko garaieran. Bost hamarkadaz baino gehiagoz zabalik egon ostean, itxi egin dutela jakinarazi dute. Horrela azaldu du erabakia Josy Arrosagarai eski estazioko zuzendariak: «Eguraldia aldatzen ari da han goian». Zehaztu duenez, gero eta haize bolada zakarragoak dira nagusi garaiera horretan, eta, ondorioz, «oso zaila» da elurra maneiatzea. Gainera, tenperatura aldaketek ere elurraren lodieran eragin dezaketela esan du.


Hala ere, Arrosagaraik adierazi du estazioak ez duela bere jarduna etengo. Iraupen eskian ibiltzeko pista guztiak itxi egingo dituzte, baina elur erraketekin ibiltzekoak, berriz, zabalik egongo dira. Hala, eskiaren ordez, mendi ibilaldiak eta erraketekin egin beharreko irteera askotarikoak antolatuko dituzte.

Xingola marroia itzuli da

Xingola marroia euskal pinuak hartzen ari da berriro ere. Hori adierazi du Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendari nagusiak: «Pinudiak oso kalteturik daudelakoan gaude». Oraingoz, hipotesi bat baino ez da adierazpen hori, baina datuak laster izango dituztela esan du. Aurreratu du 2023a «oso urte txarra» izan dela: bero handia egin du, euria sarri bota du eta hezetasun handia izan da. Ondorioz, hazteko egokiera izan dute onddoek.


Ohartarazpenarekin batera, alde on bat ere nabarmendu du Baskegurreko zuzendari nagusiak, hala ere: xingola marroiak ez dio egurrari eragiten. Hau da, gaixotasuna duten pinuak ohi baino lehenago moztu behar dira, baina horien egurra erabil daiteke, xingola marroiak hostoei bakarrik eragiten baitie.

Kutsadurak, eguraldiarekin lotutako gertaera bortitzek... adierazten ei dute pikutara goazela. Baina zientzialariek edo agintariek diotenean konponbidea egon litekeela neurri batzuk hartuz gero, askatasun indibiduala aldarrikatzen dute»
Manu Soto
Plentziako Itsas Estazioko zientzialaria
Noiz Zer?
Azaroaren 17an. Hondakinen sortzez besteko ordainketa sistemak. Hobeki udal elkarteak antolatuta egingo dituzte jardunaldiak, Berastegin (Gipuzkoa), eta hainbat hitzaldi eta konferentzia izango dituzte. Besteak beste, Maria Calaf Form adituak hitzaldia emango du bertan.

Azaroaren 2an. Urumeako basoei buruzko hitzaldia, Hernanin. Hernaniko Udalak eta Aranzadi elkarteak antolatuta, iluntzeko 19:00etan hiru hitzaldi egingo dituzte, Biteri kultur etxean. Alvaro Aragonek, Miren Garciak eta Egoitz Alkortak egingo dute hitzaldi bana.

Azaroaren 11n. Bizizaleak konpartsaren batzarra. Bilboko Bizizaleak konpartsak urteko batzarra egingo du Bilbon, Ekoetxean. Ondoren bazkaria egingo dute.

Azaroaren 11n. Bizizaleak konpartsaren batzarra. Bilboko Bizizaleak konpartsak urteko batzarra egingo du Bilbon, Ekoetxean. Ondoren bazkaria egingo dute.
Oraindik ez bazara KINKA buletin honetara harpidetu, egizu orain , eta hamabostean behin jasoko duzu ekologia eta klima krisiaren berri.
Gustukoa izan baduzu, partekatu dezakezu
facebook twitter telegram
berria
Horrelako mezu gehiagorik jaso nahi ez baduzu, egin klik hemen

Datu Pertsonalak Babesteko Arautegia betez, jakinarazi nahi dizugu zure datu pertsonalak Euskarazko Komunikazio Taldea SA enpresaren tratamendusistemetan sartuta daudela BERRIA Taldearen zerbitzuak emateko, zurekin harremanetan jartzeko, zure interesekoa izan daitekeen informazioa bidaltzeko eta enpresaren administrazio lanak aurrera eramateko. Zure datuak ikustea, zuzentzea, ezereztea, tratamendua mugatzea, tratamenduari aurka egitea eta portabilitatea eska dezakezu. Era berean, edonoiz egin dezakezu gai honi buruzko bestelako edozein eskari. Hala egin nahi izanez gero, idatzi helbide honetara: BERRIA Taldea, Martin Ugalde Kultur Parkea, Gudarien Etorbidea z/g, 20140 Andoain edo posta elektroniko honetara: datuenbabesa@berriataldea.eus. Zure datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatzagoa eskuratu nahi baduzu, hemen egin dezakezu.