|
|
2022-10-19
|
Kaixo lagun! Kinkaren lehen buletin honetan puzzle bat irudikatzea nahi dugu. Hasi piezak pentsatzen, euren tamaina... Euskal Herrian inoiz egin den azpiegiturarik handien eta konplexuena kokatzen saiatu bertan: abiadura handiko trena. Europako proiektu estrategikotzat jo zuten bere garaian eta ia lau hamarkada dira haren inguruko lehen proposamenak entzun genituela. Euskal Herri osoa, hegotik iparrera eta ekialdetik mendebaldera, zeharkatuko luketen sare batek baino gehiagok osatzen dute puzzlea. Piezak elkarri lotzea nahi baino gehiago ari zaie kostatzen proiektuaren alde sutsu mintzatu izan diren agintariei. Euskal Y-aren kasuan, proiektua amaitzeko data atzeratzen aritu dira agintariak gobernu bulegoetatik igaro ahala: azken data, aurreko astean bertan eman zioten: 2028an dira inauguratzekoak.
Lortuko al dute ordurako puzzlea osatzea? Zure kontu utziko dugu erantzuna!
|
Iñaki Petxarroman - Jone Arruabarrena
|
|
|
|
CADEk tren lasterraren proiektuaren aurka egindako protesta.
|
AHTa, amaiera datatik urrun
|
Lortuko balute ere aurreko astean egindako aurreikuspena betetzea, hau da, 2028an trenbide berria zabaltzea, abiadura handiko trenaren (AHT) inaugurazioa ez dute egingo proiektu osoa amaituta dagoela. Izan ere, Gasteiz eta Bilboko AHTaren tren geltokiak lur azpian egin nahi dituzte, egungo Dato kaleko eta Abantoko estazioen azpian. Horrek, ezinbestean, urte gehiago beharko ditu, eta, beraz, behin-behineko geltokiekin hasi beharko du tren lasterrak martxan. 2006an hasi ziren euskal Y-aren puzzlea osatzen, eta jadanik 5.000 milioi inguru xurgatu ditu obra honek. Lan guztiak amaitzen direnean, milioi dezente gehiago beharko da. Segur aski jakingo duzu Europako Kontu Auzitegiak 2020an egin zuen ikerketan adierazi zuela 6.500 milioikoa izango zela inbertsioa. Nolanahi ere, jadanik aurreikus daiteke motz geratu direla aurreikuspen horrekin. Bada esaten duenik 10.000 milioira iritsiko dela ere. Kontuan eduki behar da orain arte azpiegitura bakarrik egin dela, baina gainegitura osoa egin gabe dagoela —kableak, elektrifikazio sarea...—.
Beraz, euskal Y-a amaituko balute, puzzlearen erdia osatuta geratuko litzateke 2028rako. Baina nola daude beste zatiak? Hasteko eta behin, AHTari europar izaera ematen dion Lapurdiko loturaren pieza giltzaz itxitako kaxoi batean gordeta dauka Parisek. Gutxienez 2037ra arte ez du erabakiko kaxoi hori irekitzen duen edo ez. Bitartean, beraz, itxaron egin behar. Besteak beste, Donostiatik Lapurdiko mugarako AHT lerro berria osatu gabe dago ordura arte. Euskal Y-a Iberiar penintsularekin lotuko duen Gasteiz-Burgos zatia pixka bat aurreratuago dago. Berriki sinatu ditu Adifek —trenbide azpiegituretarako Espainiako kudeatzaileak— zati horretako eraikuntza proiektuak idazteko kontratua. Espainiako Gobernuak esku artean dituen aurreikuspenen arabera, 2027rako amaituko lirateke zati horretako lanak.
Badakizu Nafarroan ere hasita daudela AHTaren lanak. Castejon eta Iruñerri artean martxan dira lan batzuk. Bitartean, euskal Y-aren lotura nondik egin... Hor eztabaida handiak daudela entzungo zenuen. Finean, bi lotura daude aztergai: Sakanatik barrena Gasteizera iristea; eta, bestea, Sakanatik barrena, tunel luze baten bidez, Aralar erditik zulatu eta Ezkio-Itsasora iristea. Azken proiektu hori aspalditik baztertua luke Madrilek, baina Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bere aldeko hautua egin izanak berriz ere atzeratu du azken erabakia. Hurrengo urteko irailean ebatziko du Madrilek, azkenean, zer egin lotura horrekin. Azkenik, Castejondik Mediterraneora eramango lukeen tren zatiaren pieza oraindik ere fabrikatu ere ez dute egin.
Pentsa daiteke, beraz, XX. mendeko puzzle bat zena, oso-osorik, XXI. mendearen erdirako egon daitekeela osatuta. Baina, jakina, inor gutxi ausartuko litzateke orain hala izango dela baieztatzera.
|
|
|
300.000 euroko zigorra Zaldibarko zabortegia kudeatzen zuen enpresari
|
Nork ez du Zaldibarko hondamendiaren berri. Dakizunez, 2020ko otsailean gertatu zen luizia, eta haren erantzukizuna nork izan zuen argitzeko ikerketak aurrera jarraitzen du. Joan den astean izan genuen beste pausu baten berri: Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendari Angel Lapuentek 300.000 euroko isuna ezarri dio Verter Recycling 2002 SM enpresari, «laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia betez lan baldintzei aplika dakiekeen beste edozein prebentzio neurri ez hartzea» leporatuta.
Hala ere, ez dago argi zigorra nork ordainduko duen, enpresa likidazio prozesu betean baitago. Hain zuzen, Bizkaiko Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak iazko irailaren 13an egin zuen arau-hauste akta, eta irailaren 21ean, hura bideratu eta zortzi egunera, Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Verter Recycling 2002 SM enpresaren likidatzeko erabakia. Jose Ignacio Barinaga Egia enpresaren sortzaile eta presidentearen bi iloba izendatu zituzten likidatzaile, zabortegiaren kudeatzailea zena bata, Arrate Bilbao Barinaga, eta enpresaren akziodunetako bat bestea, Elena Susaeta Barinaga.
Hala ere, ez da hori izango enpresak izango duen gastu bakarra: Jaurlaritzak urrian iragarri zuen 28,7 milioi euro eskatu zizkiola enpresari, hondamendiaren ostean egin behar izan ziren lanengatik. Enpresak 15,1 milioi euroren mozkin garbiak izan zituen ireki zutenetik.
|
|
|
|
Antolatzaileen arabera, 2.000 lagun inguru bildu zituen protestak.
Jagoba Manterola / Foku
|
Baztango biztanleak, Erdizko meategiaren aurka
|
Ikusi al duzu inoiz behi, pottoka eta ardiek gidatutako manifestaziorik? Joan den urriaren 11n Elizondon izan bazinen, baiezkoa izango da erantzuna. Izan ere, protesta jendetsua egin zuten Baztanen–bai, animaliekin, eta baita joaldunekin ere–, Magna multinazionalak Erdizen eraiki nahi duen meategiaren aurka. Herriarena da hitza aldarrikatzen zuten.
Proiektuaren kontra zergatik dauden? Hori ere azaldu zuten manifestazioa bukatzean: «Nekazaritza
estentsiboa, ingurumenaren zaintza eta turismo jasangarria ez dira
bateragarriak Magnak egin nahi duen meategiarekin». Izan ere, proiektu
horrek lurrak «xehatu» eta «bizitzen kontra» egiten dutela uste dute.
Guztiaren kontra daudela esaten dietenei ere erantzun zieten:
baietz, gauza batzuen kontra badaudela: «Eremu babestuak eta bazkalekuak
xehatzearen kontra, ura eta airea kutsatzearen kontra, eta gure lurra
eta diru publikoa ebatsi nahi duten multinazionalen eta politikarien
kontra». Eta, era berean, gauza batzuen alde ere badaudela: «Erdizen
alde gaude. Ur garbien, herri lurren, gure bizimoduen eta kulturaren
alde. Nekazaritza, lanpostu eta turismo iraunkorraren alde. Herritarren
osasunaren alde eta bizitzaren alde». Beste ohartarazpen bat ere egin zuten: «Hala ere ez dugu etsiko, manipulatu ezin dituzten eremuak
baitaude». Beraz, alor horretan «irabazi arte» borrokatuko dutela esan
dute.
|
|
|
BERRIAlagunen babesa behar dugu
|
Irakurleon beharrei erantzun nahi die BERRIAk, kazetaritza eginez eta bizi dugun garaiaren gakoak azalduz. Aurrerantzean ere ingurumenari eta klima larrialdiari erreparatzeko eta tresna informatiboak garatzeko, ezinbestekoa dugu irakurleen babes ekonomikoa.
|
|
|
|
|
Autokontsumoa, eskuragarriago orain
|
Eguzki plakak jarri nahi dituzu etxeko teilatuan, baina gogoa kentzen zaizu horretarako bete beharreko paper mordoari begiratzean? Berri onak daude zuretzako: Administrazio tramiteak laburtuko ditu Jaurlaritzak, bai eraikinetan eguzki plakak
jartzeko, eta baita etxean ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak jartzeko ere;
horretarako, Lurzoru Legeko puntu bat aldatuko dute. EH Bilduk egin zuen eskaera, eta Legebiltzarrak joan den astean onartu zuen.
Izan ere, gaur egun autokontsumora hurbiltzeko egin beharreko bidea ez da erraza: udal lizentzia bat behar da instalazio horiek jartzeko, besteak beste. Orain, koalizio abertzaleak eskatu du nahikoa izan dadila administrazioa aldez
aurretik jakinaraztea. Dena den, salbuespen batzuk proposatu ditu,
zeinetan lizentzia hori beharrezkoa izango litzatekeen: kultur
intereseko ondasun deklaratutako eraikinetan, ingurumen inpaktuaren
ebaluazioa behar denean, edo eraikinen zimenduei edo egiturari eragiten
dietenean.
|
|
|
%70
|
Munduko animalia ornodunen beherakada, 1970etik. Naturarentzako Munduko Funtsak argitaratu berri duen ikerketa baten arabera, munduko animalia ornodunen desagertze prozesua izugarri azkartu da eta jadanik %70 gutxiago dira animaliak.
|
|
|
|
Parke eolikoak ezbaian
|
Skatkraft enpresa multinazional norvegiarrak Gipuzkoan proposatu dituen proiektu eolikoek eztabaidaren erdian jarri dituzte berriz ere energia eolikoa eta harekin lotu izan den trantsizio energetikoa. Kinka podcastak gaiari heldu dio, eta enpresako ordezkari Jon Zayasi ez ezik, EH Bilduko Mikel Otero legebiltzarkideari eta Sustrai Erakuntza Fundazioko Mikel Elosegiri ere galdetu diegu gai horren inguruan.
|
|
|
|
|
|
Jende ilarak, Donostiako geltokian, tren bat hartzeko garaian.
Gorka Rubio / Foku
|
Garraio publikoaren erabiltzaileen gorakada
|
Garraio publikoaren erabilera sustatzeko neurri berriak jarri ziren indarrean joan den irailean. Horrek erabiltzaileen hazkundea ekarri du Hego Euskal Herriko konpainia publiko ia guztietan. Nabarmena izan da, esate baterako, Renfeko trenen zerbitzuek izan duten eskaeraren hazkundea. Aldiriko trenetan eta distantzia ertainekoetan nabarmen igo da erabiltzaileen kopurua, %51,7, 2019koekin alderatuta.
Hazkundea izan dute Euskotreneko zerbitzuetan ere, bai trenetan eta bai errepideko garraioan. Iaztik %18 handitu da bidaiari kopurua merkatze neurriak indarrean jarri zirenetik. Bilboko metroan %13koa izan da hazkundea, eta autobus publikoen sarean %10 eta %21 artekoa. Gasteizko tranbian ere gehiago dira orain erabiltzaileak, iaz baino %12,5 gehiago.
|
|
|
|
Prezioak jaiste hutsa ez da nahikoa autoaren erabilera apaltzeko»
|
Christian Kirsters
|
Gea 21eko kide eta mugikortasunean aditua
|
|
|
|
Noiz Zer?
|
Urriaren 20an, 19:00etan.
GuraSOSek antolatutako hitzaldia, erraustegiko kutsaduraren inguruan. Joseba Belaustegik eta Fernando Palaciosek hitzaldia egingo dute, Usurbilgo Sutegin.
Urriaren 22an, 09:45ean.
Ibilbide ekologikoa Artxandan barrena. Ekologistak Martxan taldeak antolatuta, Bilboko Artxanda ingurura egingo dute txangoa. Industria zabortegi baten proiektuak mehatxatutako natur ingurune hori ezagutuko dute, bertatik bertara.
Urriaren 25ean, 17:30etatik 19:30etara.
Iruñea, basoaz blai. Iruñeko Ingurumen Heziketarako Zentroak antolatutako ibilbide kontzientea, basoarekin eta naturarekin harremanetan jartzeko. Nuria Gaxas Sanchez eta Javier Gomez Urrutiak gidatuko dute txangoa.
|
|
|
Oraindik ez bazara
KINKA buletin honetara harpidetu,
egizu orain
, eta hamabostean behin jasoko duzu ekologia eta klima krisiaren berri.
|
Gustukoa izan baduzu, partekatu dezakezu
|
|
|
|
|
|
Horrelako mezu gehiagorik jaso nahi ez baduzu, egin klik
hemen
Datu Pertsonalen Babesa
Datu Pertsonalak Babesteko Arautegia betez, jakinarazi nahi dizugu zure datu pertsonalak
Euskarazko Komunikazio Taldea SA enpresaren tratamendu-sistemetan sartuta daudela BERRIA
Taldearen zerbitzuak emateko, zurekin harremanetan jartzeko, zure interesekoa izan daitekeen
informazioa bidaltzeko eta enpresaren administrazio lanak aurrera eramateko. Eskatutako
zerbitzua gauzatzeko beharrezkoa izan daiteke zure datuak BERRIA Taldea osatzen duten enpresei,
BERRIA Hedabideak fundazioari eta bestelako kolaboratzaileei uztea. Zure datu pertsonalen
inguruko eskubideak edonoiz erabili ditzakezu. Era berean, edonoiz egin dezakezu gai honi
buruzko bestelako edozein eskari. Hala egin nahi izanez gero, idatzi helbide honetara: BERRIA
Taldea, Martin Ugalde kultur parkea; Gudarien etorbidea, z/g, 20140 Andoain (Telefonoa: 943-30
43 45) edo helbide elektroniko honetara: datuenbabesa@berriataldea.eus.
Informazio zehatzagoa eskuratu nahiko bazenu, gure webgunean aurkituko duzun "Pribatutasun
Politika" irakur dezakezu.
|
|